Aisialdia aurkezpena

Gaztetxearen aldizkariaren lehenengo zenbaki honetan, gure lan taldearen funtzionamenduaren eta egiten ditugun jardueren inguruan ariko gatzaizkizu, hauen berri izan dezazun eta, bide batez, hauetan aktiboki parte hartzera anima zaitezen.

Lan talde ezberdinak martxan jartzen hasi ginenean, argi ikusi genuen aisialdiak paper garrantzitsu bat jokatzen duela gazteon bizitzan, aisialdi eredu bat edo bestea aukeratzeak,denbora gauza batzuetan edo besteetan emateak, nabarmen eragiten baitu bizitzaren gainontzeko alorrei eskaintzen diezunean.

Herriko gazte guztiei haien gustuko jarduera ezberdinak egin ahal izateko aukera ematea da gure helburua. Aisi eredu parte hartzaile baten aldeko apustua egin dugu, azken batean, denen parte hartzearen bidez, guk geure nahi eta beharrak asetzeko bidea osatzen baitugu. Elkartzen hasi eta berehala proposamen pila bat bildu genuen, eta ekainean gazte txapelketak antolatu genituen, euskal dantza tailer batekin batera. Alde batetik, jendearen gustuko kirolen bidez, egun polita pasa eta jendea gaztetxera hurbiltzea izan genuen helburu.Bestetik, ondo pasatuz ikastearen horretan murgiltzen hasi ginen. Txori Zurikoen eskutik gaztetxeko hogei bat gaztek fandangoa eta arin-arina dantzatzen ikasteko aukera izan genuen.

Txapelketak bukatuta, lanerako bi ardatz nagusi izan ditugu, gaztetxearen funtzionamendu orokorrari ordu asko eskaini badizkiogu ere. Jaiak eta gazte kanpaldia izan dira bi ardatz horiek.Gazte egitaraua osatzeko lanean aritu gara, eta pasa den urteko gazte bazkari eta jokuei jarraipena emateko, aurten zumba tailerra gehitu dugu ekintza berri gisa. Denen artean kontzertuak erabaki ditugu, eta denen gustuko jaiak egiteko helburuarekin estilo ezberdine tako eskaintza musikala bilatu dugu, herriko musikarien presentzia bermatuz, nola ez! Hortxe izanen ditugu DJ Kevin Senis, DJ Isra eta Baserritars Taldea oholtza gainean.

Bestalde, uztaila osoko lanaren ondoren abuztuaren 5, 6 eta 7 an Berriozarko 30 gazte Arbizun izan ginen, hiru egun giro paregabean pasatuz. Gure lan-taldearen planinga eta ardura logistikoak antolatzea egokitu zitzaion, eta gainontzeko lan-taldeek ekintza ezberdinak prestatu zituzten, bakoitzaren lan esparruaren inguruko ekintzak prestatu zirelarik. Botere harremanen inguruko tailerra egin genuen lehenbiziko arratsaldean, esaterako, eta feminismo lan-taldeak antolaturiko ginkana bigarrenean.

Gure lan taldeak, nola ez, jolasak antolatu zituen, eta egiten zuen eguraldi bikaina baliatuz, lakuan momentu ederrak pasa genituen. Beriain mendilerrora ateraldia egiteko aukera ere izan genuen eta azken egunean parrandatxoa egitea beste erremediorik ez genuen izan. Gazteen arteko harremanak sendotu eta primeran pasatzeko aukera izan genuen; lehena izan bada ere, hemendik aurrera kanpaldi gehiago egingo ditugula ziur esan dezakegu.

Kanpalditik bueltan jaiekin ari gara buru belarri lanean, baina, hala ere, egurra lantzeko tailerra eta Berriozarko Tourra antolatu ditugu, beste ekintza batzuekin batera.Udako zinema ere antolatu dugu, eta uztailaren erdi partetik hona igandero 21:30etan denen artean aukeraturiko pelikulak jarri ditugu.

Honek hasi besterik ez du egin, eta orain artekoa ona izan bada, hemendik aurrera datorrena hobea izango da.Beraz, anima zaitez gaztetxetik pasatzera, bai lan talde ezberdinetan parte hartzeko, bai ratotxo bat egon eta bertan gauden gazteokin ondo pasatzeko.

Gaztetxean ikusiko dugu elkar!

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s